Kantu(h)ari

Erabiltzailearen aurpegia Maider Azkarraga-Urizar 2026ko maiatzaren 11

Milia Lasturkoren eresia da euskarazko ahozko lehen lekukotasunetako bat, XV-XVI. mendekoa. 

Eresiak bertso antzekoak dira, gertakariak ahoz kontatzen zituztenak; gehienek samina azaleratzen zuten emakume ahotsez.

Miliaren ahizpa Lasturtik Mondragoera, erditzean hil zen ahizparen hiletara etorri zen, hark zituen minak plazaratu eta Lasturrera, etxera, eraman nahian: "Hara behar dozu, Milia" errepikatuz. Eresia ahizparekin izan zezakeen elkarrizketa antzeko batekin hasten du; ahizpak "Azpian lur hotza gainean harria" duela. Izan ere, Miliaren senarra, Peru Garcia, ez zen leiala izan harekin. Peruren arreba, Sancha Hortiz, sartzen da eresian ondoren, anaiaren defentsan. Eresia Miliaren ahizpa Arrasateri gorroto hartuta amaitzen da; alde zaharreko hiru kaleetako bakoitzean gizonak emakumeekin gaizki portatu direla esanez: Iturriotzen, Maria Baldarekin; Artekalean, Ojanda Gabiolarekin; eta Errebalean, Milia Lasturkoarekin.

Ordutik ia ahaztu dugu Milia eta baita beste ahots andana ere. Izan bedi hau, Miliaren ahizpak minak kantatu zituen gisan, gertatutakoak pizten jarraitzeko gogoangarri bat.

Kantatu diezaiogun berriz Beretherretxeri, Atharratzeko jaunari, Garaziko herriari, Leixibatxuri, aitaren etxeari eta amaren bularrari, hizkuntza eta herri honi hizkuntza honetan eta hemen, Orreagari eta Amaiurri, injustiziei, Martin Larralderi, soldaduskara joan aurreko azken dantzari, Maravillasi, negu hurbilari, amapolari, Ezekieli, garraztasunei, aske ez den Artzeren txoriari, Itziarren seme-alabei… eta baita gure min, beldur, zauri eta ziurgabetasunei ere. Txikikeria balitz bezala jokatzen dugu, baina kantatzea ez da edozein gauza. Bestela, galdetu Miliari.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak