Landareak zaintza behar du, noizean behin ureztatua izatea, baina ez gehiegi, ito gabe; tenperatura egokia mantendu, goxoa batzuek eta hotzagoa beste batzuek; hosto lehorrak kendu eta etorri dakizkiokeen txar guztiak ekiditeko mimoak egin. Horrela loratzen ei da politen, indartsuen, alaien; horrela esnatu daiteke negu gorria ere.
Gutako bakoitzari ere desberdin loratzen zaigu udaberria. Neguko izotz-garrangen zama daramagu usu; polit kanpotik, baina zurbil, gogor eta hotz barrutik. Horrela ezin fruiturik eman, ezin udaberriari lorerik atera. Bestetan, ordea, nahi gabe loratzen zaizkigu errepide ertzak ere.
Hamabost urteotan tulipek hazten jarraitu dute eta gu ere aldatu gara orduz geroztik. Badugu izan ginenetik ikasia, zerbait hartua, eskertua. Eta oraindik ere kukua udaberriko aharrausi bakoitzeko azalduko zaigu kantuka, ingurukoei esker.