Burdina negu beltzean ugertzera kondenatzen du euriak, soineko berri, ilun eta latz bat janztera, kolorez aldatu eta bere izatea uztera.
Lekutan gelditu zen 80ko hamarkada, zenbait urte igaro dira orduz geroztik. Baina guztiok herdoildu gara garai hartatik hona. Gu ere sarri aldatu behar izan baikara soinekoz Bilboren antzera, eta ez euriak hala behartu edota kondenatu gaituelako. Galdu dugu zenbat burdina zilindro estu, orratz, boligrafo punta… erabili diren beldurra barreiatu eta ziztatu nahian. Ez dakigu jada zenbatek jasan duten burdinaren hotza eta gogortasuna beraien gorputz eta barrenetan. Ez dakigu zenbatek aldatu behar izan duten beraien izana. Ez dakigu zenbat soineko berri jantzi behar izan diren; ezta zenbat apurtu eta zatitu diren berri bakoitza janzten edo eranzten. Kontua galtzeraino ugertu gara.
Nekea astun, astunegi zaigu. Burdina herdoilera kondenatuta dagoen legez gaude gu soineko bakoitzak behar dituen hariak aurkitu, elkartu, lotu, josi eta korapilo onak egitera behartuta.
Bilboko sabaian laino basoak jarraitzen duen ez dakit; ezta ilargiak ze agonia duen ere, baina, badaezpada, erne egotearen agoniak luze dirau gurean.