Ondoan naukate jarria askok, baina gero erdaraz mintzo dira gehienak. Edonora begiratuta aurkituko nauzu...
Askori EITBko txoria naizela etorriko zitzaizuen burura. Izan zitekeen, elkarrizketatzaile askok Euskal Irrati Telebista izena Radio Television Vasca bilakatzen baitute euskaldunak erdaraz hizketan jartzean. Ez zabiltzate urrun, jarria naukatenen artean antzeko jarrerak izaten baitira; baina ez naiz hori. Segi dezagun.
Papar gorria daukat eta publizitate zoragarria egin didate –publizitatea soilik–. Gabon garaian uste dut guztiok ikusi nauzuela Eman hegoak euskarari lelopean. Askok pin batean naramate –lorpen gisa akaso– eta beste askok, berriz, itsatsita naukate bulego sarreran –zurikerian–…
Jakin badakit batzuek ez duzuela nire beharrik euskaraz aritzeko. Baina badakit, ondo jakin ere, askok ardurak zuritzeko naramazuela paparrean. Sortu nauten askoren ingurukoek barne. Unibertsitatea horren adibide. Pasa den astean EITBko nire txori lagunak esan zidan UPVko errektorea hizketan egon zela irratian. Bai, UPVkoa, eta ez EHUkoa. Unibertsitatean euskararen aldeko apustua handia dela esanaz eta euskaraz ikasteko bermea dugula azalduz. Txio, txio…
Egon, ez dakit inon banagoen. Hegan egiterik ez duten txoriak ez daude inon. Ni jarri egin naute. Unibertsitatean, udaleko bulegoan…
Egoak eta kaiola, biak eman dizkidate sorreran. Aitortzeak min egin arren, badakit kalera begirako leihorik ez duen bulego batean sortu nautela. Hegaldi laburra dut hemendik aurrera. Beraz, hortxe utziko dut gaurkoa. Oraingoan bai? Badakizue nor naizen? Ez da zaila asmatzen… Begiratu ingurura. Zorte on.