Ez genuen inor ezagutzen, ume txiki bat eskutik helduta eta beste bat bidean. Azaroa zen, euritsua eta hotza. Arratsaldeak udaletxeko arkupeetan pasatzen genituen, han egin genituen lehenengo lagunak; amak, amamak, zaintzaileak eta aitaren bat. Egunak luzeak egiten zitzaizkigun enteratu ginen arte Julianenean giltza bat hartu eta kultura etxeko gela bat erabiltzeko aukera zegoela, gurasoen ardurapean.
Gela hutsik zegoen eta guk eramaten genituen jostailuak, baina hotzetik babestuta. Beste ume batzuk, "handiak", liburutegira joaten ziren, liburu bat "irakurri" eta gero, margotzeko aukera zuten.
Ordutik hona gauzak asko aldatu dira. Handik urte batzuetara gurasoen behar bati erantzunez gela hartan lehen ludoteka zabaldu zen, eta nahiz eta momentu batean gehiegi ez erabili, familia batzuek izena eman genuen aurrera atera ahal izateko. Bazirudien ez zuela indarrik hartuko, baina gerora frogatu da haren beharra. Duela bost urte, ludoteka berria egin zen, eta gaur egun astegunetako ludotekaz aparte —zaintza zerbitzua ere bertan ematen da—, aste bukaeretan gaztelekua dago, Elgetako negu hotzetan umeei eta gurasoei oso ondo datorkiena.
Eskerrik asko zerbitzu horiek martxan jartzen lagundu dutenei, eta ez ditzagun galtzen utzi.