Normalizazio politikoa predikatzea eta aurpegia edukitzea

2014ko maiatzean, Debagoieneko Ernaiko kideok topaketa batzuk antolatu genituen Herrialde Katalanetako Arran gazte antolakundeko kideekin.

Topaketa hauen helburua zen bi herrialdeetan bizitzen ari garen egoerak elkarrekin konpartitu eta hausnarketarako espazio bat irekitzea. 

Prestatu genuen jardueretako bat izan zen gazte kataluniarrekin Debagoienean zehar bisita gidatu bat egitea: Arantzazura joan ginen euskara batuaren sorreraz hitz egitera, Oñatiko atez ateko zabor bilketa sistema ezagutzeko aukera eman genien, Angiozarrera joan ginen AHTren obrak ikustera, Arrasaten kooperatibismoaz aritu ginen… eta Bergarako epaitegi parean ere geratu ginen torturaz hitz egiteko. Euskal Memoria taldeko kide bat ekarri genuen horretaz hitz egiteko. Hitzaldi horren ostean etorri zen eguneko sorpresa.

Autobusera gindoazela, Ertzaintzaren patruila bat agertu zen eta bi lagun identifikatu zituzten –hitzaldia eman zuena zen horietako bat–. Beraien azalpena izan zen baimenik gabeko kontzentrazio bat egin genuela. Lagun kuadrilla bat kalean eserita hitz egiten aritzea delitua da, nonbait… 

Duela gutxi 375 euroko isuna iritsi zaio Euskal Memoria taldeko kide horri. Hori ikusita, barregura besterik ezin dugu sentitu EAJko kideak askatasunaz, tolerantziaz eta bizikidetzaz hitz egiten entzutean. Aurpegia behar da gero normalizazio politikoaz hitz egiteko! Hau al da Eusko Jaurlaritzak eraiki nahi duen agertoki demokratikoa? 

Benetan penagarria iruditzen zaigu beste herrialde batzuetako kideei hemen bizi izan den –eta bizi den– egoera erakutsi nahi izateagatik isun bat ordaindu behar izatea. Noraino iristeko gai zarete kaleak zuei gustatzen ez zaizkizuen diskurtsoetatik garbi mantentzeko ahalegin horretan? Kezkagarria da benetan PNV eraikitzen ari den neofrankismo egoera.

----------

Maddi Txintxurreta

(Oñatiko Ernaiko kidea)

Oñati

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak