Miguel Angel Elkoroberezibarrek idatzitako Pol-Pol M.T. Bergarako historia sozial bat, 1942-2017. Lehen orritik bukaeraraino, interesgarria eta ederra. Informazio asko, testuz eta argazkiz; oso ondo dokumentatuta. Urteetako lanaren emaitza bikaina.
Pol-Pol Mendizale Taldea erreferentziazko elkartea izan da Bergaran, eta baita lurraldeko mendizale taldeen artean ere. Bergaran, mendizale elkarte bat baino askoz ere gehiago izan da eta hori erakusten du liburuak argi eta garbi. Hamarkadaz hamarkada, belaunaldiz belaunaldi, sasoian sasoiko gizartearen isla eta erretratu izan delako, liburuan ikus eta irakur daitekeen moduan.
Ehunka bergarar igaro dira bertatik; neska eta mutil. Gaur egun ohikoa da, baina sasoi baten ez zen horren arrunta gizonezko eta emakumezkoak elkarrekin kirolean ikustea. Ez hori bakarrik: kirola egin, mendian ibili eta aisialdiaz gozatzeko ez ezik, eta batez ere, herria batu, sozializatu, eta balio batzuk garatu eta gorde ditu Pol-Polek.
Oraingoz, liburuari gainbegiratua emateko astia izan dut bakarrik. Sekulako inpresioa eman dit. Lehen begiratuan, argazkiei bakarrik erreparatuta, berehala antzematen da elkartearen eta Bergarako gizartearen bilakaera. Aste Santuko oporretan astia hartu ahal izango dut goitik behera irakurtzeko.
Eskerrik asko, Pol-Pol; eskerrik asko, Miguel Angel. Opari ederra egin diozue Bergarari; opari ederra, 75 urteotan, uneren baten, Pol-Polek antolatutako ehunka jardueratan parte hartzeko aukera izan dugunoi. Eta ez gara gutxi.
------
Martin Irazabal
Eibarren bizi den bergararra.