Badoaz azken lekaimeak

Mariaren Lagundiko azken zazpi lekaimeek Bergaratik alde egin behar dutela irakurri berri dut, eta bertan sortutako ikastola utziko dute.

Ez naiz, oraindik, horren nagusia, eta memoria fresko samarra dudanez, parbulitoak bertan egin genituenekoak begi bistan ditut. Santa Juana de Lestonac-en erretratua; pianoen gela; ama Maria Jesus, irakurtzen eta idatzitakoa maitatzen irakatsi zidana; ama Begoña Recalde, pianoa zigortzen erakutsi zidana...

Ez da garrantzi gutxiko instituzioa Bergaran, nork bere sinismen erlijiosoak izan arren. Bergarar guztiontzako erreferente bat izan dira 223 urtean. Ez da makala!

Gure garaikideontzat, gure amen ikastetxea izan zen, eta gu guztion parbulito eskola.

Gerora gure neskalagunak izango zirenek ere bertan ziharduten, gona gris eta alkandora koadrodunekin. Ama Yoldik zuzentzen zituen flauta jotzen eta ama Maria Amparo atezain zebilen.

Ez naiz ni santujalea, baina gaur, alde egingo dutela jakitean, oroitzapen asko pilatu zaizkit. Seguruenik, gure gaurko Bergarak badaukalako Mariaren Lagundiko kolegioarekin zerikusirik.

Bejondeiela doazenei, eta gogora dezatela Bergarak ez duela ahaztuko gure herriari emandakoa.

----------

Martin Garitano Larrañaga

Bergara

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak