Lasai, ez dira itsasaldiak aztoratuko eta Jakoba Errekondoren aholkuak ez dira aldatuko.
2024ko abuztuaren 7an asteroide bat hurbiltzen ari zela detektatu zuten eta kalkulu matematiko konplexuek zehaztu dute Lurraren grabitazio eremuak harrapatu eta bi hilabetetan inguruan biraka izango dugula. Azaroaren 25ean alde egingo du. Tarte horretan bi ilargi izango ditugu, baina bakarra ikusiko dugu; izan ere, 2024PT5 asteroideak 11 metroko diametroa du.
Bestetik, zientzialari talde batek proposatu du Ordoviziar garaian –duela 460 milioi urte– Lurrak eraztunak izan zituela denbora tarte labur batez, Saturnoren antzera.
Berri biak bitxiak dira oso, baina nabarmentzekoa da bi gertaeren berri euskaraz iritsi zaidala. Lehenengoa Euskarazko Wikipediaren bidez jakin dut eta bigarrena Elhuyarrek zabaldu du. Dibulgazio zientifikoari dagokionez euskarak badu pisua, baina gailuak gazteleraz konfiguraturik baditugu alferreko lana da.