Iazko urtea inoizko lehorrena izan zen Iberiar penintsulan eta aurtengoa iazkoaren markak hausten ari da. Doñanan, Extremaduran eta Gaztelan duten egoera larria dagoeneko Araba eta Nafarroa hegoaldera iristen ari da. Denbora kontua da gure herrira iristea. Azken egunetako euriak kontuan hartuta ere, Urkulu garai honetako minimo historikoetan dagoela irakurri dut. Egoera nahikoa serioa bada.
Gobernuek egiten dituzten kanpainek gutako bakoitzari jarri digute klima aldaketaren aurka egiteko ardura; ez gastatu ura alferrik, ez erabili kotxe partikularrik, ez jarri berogailurik neguan... Gaiaren inguruan kontzientzia hartzeko balio dute aholku horiek, baina gutako bakoitzaren eragina hutsala da industriaren, azpiegitura erraldoien eta turismo basatiaren eraginaren aurrean.
Maiatzaren 28an botoa nori eman aukeratzeko orduan hainbat irizpide izango ditugu bakoitzak; ea ingurumenarekiko jarrera ere irizpide horien artean sartzen dugun.