Haien arabera, hiri eta herrietako biztanleok landareekiko interesa galdu dugu; ikusi ikusten ditugu, baina ez gara gai espezieak izendatzeko. Landareekin bakarrik ez, animaliekin ere gertatzen ari da hori. Kaletxorien populazioa erdira jaitsi da azken berrogei urteetan eta, gure kaleetako ohiko biztanleak diren arren, ez gara horretaz konturatu.
Izarrekin ere antzeko zerbait gertatzen da. Izarrak hor goian daude, baina herrietako argiek estali egiten dituzte eta, ikusten ez direnez, jadanik inork ez du gora begiratzen.
Tunel baten sartuta gaude, antza, eta garrantzitsuena beste aldera lehenbailehen iristea da, ingurura begiratu gabe. Bizi erritmo honek gure inguruaren ezagutzan nabarmen eragin du eta ezagutzen ez dena zaintzea zaila da.
Ez naiz ni lezioak eman zalea; bakoitzak bere lehentasunak ditu, argi dago. Baina konturatu gabe aberastasun handia galtzen ari gara, eta hori pena da.