Gure kultura eta hizkuntza ere horrela irudikatzen ditut. Hizkuntza zaharrena dela harro esaten dugu, zibilizazio ugarik menperatu gaituzten arren gurea dena zaintzen asmatu dugula. Globalizazioak kulturak irensten jarraitzen du, baina beldur naiz orain ez ote gabiltzan zainketa horretan huts egiten. Instituzioek ez dute egoera serio hartzen eta herritarrok ere ez. Kalean belarria zorroztea nahikoa da gazte euskaldunak elkarrekin gazteleraz ari direla konturatzeko, eta gurasoak ere haien artean gazteleraz entzuteko. Euskaraldian eta Korrikan parte hartzen dugu, baina ez dugu euskal kultur ekoizpenik kontsumitzen.
Eta bat-batean Euskalonski programan errusiarrak, musulmanak, amerikarrak eta japoniarrak azaldu zaizkigu egongelako pantailan, gure hizkuntzaz eta kulturaz maiteminduta. Erroman Luka ezagutzeko zortea izan genuen. Ikasgai ederra eman zigun.