Hitz bat askotan errepikatzen duzunean bezala, azkenean zentzua galtzen duela. Hain gaude nekatuta eskubide beharko lukeen hori aldarrikatzeaz, eskatzeaz… ahaztu egiten zaigu batzuetan zertan ari garen ere.
Eta hori gutxi balitz, ezin izaten dugu zehaztu egiten ari garen bidearen luzea. Maparik bagenu geure beldurrak, ezinegonak lasaitzeko… Baina nago horretan datzala bidea pausoz pauso egitearen lilura. Deskubritzean ba ote dagoen gozamenik, hor nonbaitetik etengabe jartzen dizkiguten oztopo guztien artean. Jabetzean debeku bakoitzeko, garela pixka bat indartsuago, gu geuago. Eta konturatzean baietz, poz berri bat pilatzen duzula arnasaldi kolektibo bakoitzeko.
Kirmen Uribek dio bukaera iritsi bitartean heltzeko eskutik. Zuri eskatu nahi dizut gauza bera. Eskubide hitzak zentzua galtzen duen bakoitzean, heltzeko eskutik.
Bihur dezagun herrigintza eskugintza. Eta datorrela hortik benetako alternatiba sinesgarria. Ez dadila izan soilik herria ustez sostengatzen duen sistema hori amiltzen denerako heldulekua.
----------
Maialen Arratibel
Arrasate