Nire kasuan, aita txirrindulari zale izan, eta gaztetatik bizi izandako txirrindu giroak ekarri du uztailak esanahi berezia izatea: Frantziako Tourra. Eta Tourra, bere konnotazio guztiekin: autokarabana, furgona eta kanpin dendak, ikurrina, marea laranja, patata-tortilla, beroa, bizikletak, jaia...
Ez dakit kiroletan errege den futbola oporretan delako eta komunikabideek beste kirolei arreta gehiago jartzen dietelako den. Akaso, daukan tradizioagatik da, edota egutegian daukan kokapenagatik, baina egutegiko lasterketa garrantzitsuena da.
Txirrindulari bezala beti izan nuen Tourra probatzeko gogoa. Haren handitasuna ikusi nahi nuen, Pirinioetako zaleen berotasuna nolakoa zen esperimentatu, eta Champs Elysees-ko birak bukatu osteko txirrindulari karneta jaso…
Hala ere, eta Giro zalea izanik, behin Tourra probatu eta gero, ez dut azken urteetan Tourrera joateko grina berezirik izan, 2023ko Tourra zein berezia izango den konturatu naizen arte. Aurten Tourra Kopenhagen hasiko da, Danimarkako hiriburuan, eta Trek Segafredo gure taldeko zuzendaria Kim Andersen da, danimarkarra! 60 urte pasa ditu, eta batek daki zenbat Tour osatu dituen txirrindulari; beste mordoxka bat zuzendari. Aurtengoa nolako ilusioarekin prestatu eta bizitzen ari den ikusteak ohartarazi dit 2023ko Bilboko Grand Depart-a edo irteera handia ze berezia izango den niretzat.
Euskal Herrian 2023ko Tourra hasi arte 365 egun lo geratuko gara, baina etxe aurretik taldeko kotxean pasatzeak zer ekarriko didan pentsatzeak irribarre txikia ateratzen dit. Egun hori iritsi bitarte, italiarrekin ikasitako esaldi bat ekarri nahi nuke: ‘Una alla Volta’. Banan-banan joaten. Goza dezagun 2022ko Tourraz. Nire desiorik onenak Tourrean egongo diren zale eta kideei; batez ere, nire lagun Kim-i. Majo goza dezagun, eta prest gaitezen munduari euskaldunak nortzuk garen erakusteko, Euskal Herria txirrindularitzaren begietatik zer den erakusteko.
Tik, tak, tik, tak… 365 egun ‘gure Grand Depart’-erako!
----------
Markel Irizar
Trek-Segafredo txirrindulari taldeko talentu bilatzailea eta enbaxadorea
Oñati