Maite Aristegi: "Utzi politikeriak, mesedez!"

Erabiltzailearen aurpegia Maite Aristegi 2011ko ots. 4a, 01:00

Umeak ere hala ibiltzen dira jolasean, 'Mundua atzekoz aurrera' edo 'Mundo al reves' delakoan. Marka da gero!

Gazteek lan egin nahi eta ezin; zaharrek jubilatu nahi eta ezin; ustez sozialista den gobernua langile xumeenak estutzen; langileon eskubideak defendatu beharko lituzketen sindikatu handiak txiroenak gehiago sakatzeko bedeinkazioa ematen; itxuraz gizartearen ongizatearen bila dabiltzanak pentsio pribatuen bidea zabaltzen, etorkizuna dirua egitea helburu duten esku pribatuetan jartzen.

Gatazka politikoari konponbidea eman eta jendartearen bake-justu nahiari erantzun beharko lioketenak, armak betiko isiltzeko borondatea erakutsi dutenen aurrean sekulako hasperenak eta plantak egiten… Ez gara harritu, ez, Madrilgo haizeak ekarritako lelo bakarrarekin: agiriak ez dakar ezer berririk, ez da nahiko, guk berdin jarraituko dugu: ze prozesu demokratiko eta ze kristo, guk egurra eta egurra!

Baina Nafarroan asteotan gertatzen ari den espektakulu esperpentikoak onginahiko edozein euskaldunen harritzeko gaitasuna gailendu du. Benetako bake doinuak aditzen ditugun honetan, euskal lurra beste garai batzuetarako prestatzen dihardugunean, airean ilusioa, poztasuna nabarmen sumatzen dugunean eta beste eszenatoki bat ireki ahal izateko, benetan demokratikoa, abertzale kolore desberdinak elkar ulertu eta errespetatzetik ezinbestean batu beharraz, aldaketarako indarrak metatu beharraz etxeko txikienak ere konturatzen direnean, non eta Nafarroan horretarako premia eta beharra inon baino larriagoak direnean, zertara datoz baztertu nahiok, zertara bete ezinezko baldintza ia umiliatzerainokoak? Erantzukizunaren ordez alderdikeria, hegemonia nahia herritarren borondatearen gainetik.

Batasuna otsotzat hartu, baina benetako otsoa, Madrilgoa, aspalditik artaldean sartuta? Idatzitxo hau bukatzera noala jakin dut azkenean Nabai oso hankamotz hasiko dela zerrendak osatzen. Penagarria benetan! Baina herriak jakingo du baztertzaile dabiltzanei erantzuten eta duintasuna erakusten dutenak txalotzen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak