... Loreak esnatu behar zirenean, ihartu ziren gure bihotzak. Harrezkero, 25 urte pasa dira. Bizitzak aurrera jarraitu du eta guk, kolpe hartatik sekula altxatuko ez ginela pentsatu bagenuen ere, hemen jarraitzen dugu, bizitzari forma emanez, baina ahaztu barik zure hutsunea nabarmena dela. Nabarmenegia. Oraindik ere faltan botatzen zaitugu, Bittor. Faltan senarra, adiskidea, bidelaguna. Faltan aitxa, babesa, magala. Faltan honezkero dozena erdi ardi izango lituzkeen aitaita, mendian hurretx-makilak hartzen ibiliko litzatekeena. Faltan biloba txikienarekin dantza eta dantza egingo lukeena. Faltan anaia zaharrena. Baina bizitzak aurrera egin du, eta harro ikusiko zenuke izoztuta utzi gintuen udaberri haren ondoren Uxarte inguruan emeki-emeki loratu den bizitza berria. 25 urte zu barik, eta oraindik faltan botatzen zaitugu, Bittor. Hutsunea demasa da. Baina badator udaberria, hasi dira arbolak loratzen".