Diziplina beharra? Baietz dio, baina laster ohitzen zarela. Oiartzunen, berriz, badut lagun bat, eta sistema hori desastre hutsa iruditzen zaio. Zikina. Ez dago konforme. Bi herrietan atez ateko zabor bilketa dute, eta bakoitzak muturreko iritzia adierazten dit. Ibiltzen naiz dezente Hernanin, eta egia esan ez dit begiko minik egiten kubotxoak zintzilik ikusteak. Kalerik kale pasiatzen, normal ikusten dut.
Debagoienean ere jarriko omen dute atez atekoa edo dena delakoa. Dena delakoa diot, Aretxabaletan bataiatu gabe baitago. Joan den martitzenean Arrasaten izan zen desastrearen ondoren, badirudi Aretxabaletan bataioa beste baterako utzi dutela. Izenik bako hondakinen kudeaketa da oraingoz. Rajoyk erreskatea beste hitz batzuekin bataiatu duen moduan, ematen du Aretxabaletako Bildurentzat ekidin beharreko marka bihurtu dela atez atekoa.
Egia esan, ez dut zaborren gaian sakondu, baina, bi sistemak ondo ikusten ditut: atez atekoa eta 5. edukiontziarena. Ezartzen dena ezartzen dela, betetzeko asmoa dut. Bereziki, eta politikarien alderdikeriak alde batera utzita, bi planteamenduen atzean dagoen filosofia ezinbestekoa iruditzen zaidalako: birziklatu, berrerabili….