Krisiaren eraginez komunikabideak itxi eta itxi ari diren honetan, murrizketak medio guztietan pairatzen ari direnean, kazetaritzak garai distiratsua bizi duela esatera nator. Aurreko batean entzun nion irakasle bati, eta bai, hala da. Sare sozialen garaiean, bitarteko ezinhobeak ditugu albistea unean bertan eman, hartzailearekin harremanetan jarri, edo munduko edozein txokotara iristeko. Teknologia eta bitarteko hauek guztiek iraultza moduko bat ekarri dute kazetaritzara, urrezko garaia. Inprenta asmatu zenaren parekoa? Ba, ezta urruti ibiliko.
Ingurumaria honetan, egubakoitzetako Goiena paperak 500. zenbakia kaleratu du. (Kostako zaigu oraindik Goienkaria izena atzean uztea). Oraingoz, ematen du sare sozialakin elkarbizitzen jakin duela paperak, eta astero-astero hutsik egin barik buzoietan izaten da Goiena. Euskaraz eta batez ere bailarako informazioa eskainiz. Bizi dugun krisi ekonomiko honetan eusten jakitea ez da makala. Etorkizunak zer ekarriko duen? Batek daki. Mundua bizkor ari da aldatzen, eta kazetaritza ere erritmo bizian doa. Oraingoz 500 dituzue. Bailarako kazetaritzak ere urrezko garaia bizi du.