Edozein ordutan ikus ditzakezu, goizez edo iluntzez, gazte eta heldu, korrika, eta batez ere oinez.
Azkenaldian atentzioa ematen didan zerbait da. Izugarria da Arrasatetik Eskoriatzara bitartean, egunero-egunero aurrera eta atzera dabilen jende kopurua. Batzuk eskolara doaz, beste batzuk lanera, eta asko, besterik gabe oinez ari dira. Gipuzkoan badira bidegorriak, baina gurean beste ez dut uste beteko direnik. Ez ote gara gipuzkoako ibiltarienak? Bidegorriari erabat engantxatuta omen dago jendea. Egunero ateratzen ez badira, faltan botatzen dutela!
Azken urteetan bailaran egin duten inbertsiorik bikainena izan da trenbidea bidegorri bilakatzea. Bidegorria apurka-apurka joan da egiten, beharbada motel, beste azpiegitura batzuek lehentasuna izan baitute. Trenbide izateari aspaldi utzi zion, eta hainbat urtez zati batzuk ia erabilpenik gabe egon dira. Baina, jada, posible da herriz-herri bidea oinez, korrika edo bizikletaz egitea. Merkea eta osasuntsua. Ez dugu oinez ez ibiltzeko aitzakiarik.