Denda mitikoa eta historia handikoa. Herriko plazan kokatuta, denetarik saltzen zuen denda horietakoa. Azken urteetan ia bakarra, bai behintzat inguruan.
Kapitulu askorako eman dezake dendak. Saltzeko eta erosteko moduak, era horretako denden abantailak eta desabantailak…Idatz nezakeen horretaz guztiaz, baina lerrook denda ireki zutenei eskaini nahi dizkiet, azkenaldian, bailaran, gerra zibilari buruzko lan gehiago argitaratu direla aprobetxatuta.
Felipa Etxebarriak eta Ramon Ormaetxeak ireki zuten Kukuena denda, gerra ostean. Krudela izan zen bientzat gerratea. Frantziako erbestearen ostean, Aramaiora bueltatu, eta Felipa preso sartu zuten Gasteizen emakumeentzat zegoen kartzelan. Noizean behin, lotsa pasa zezaten, preso guztiak Dato kalera ateratzen zituzten, ilaran, ilea motz-motz eginda eta lazo gorri bat zintzilik zutela.
Ramonena ez zen gutxigorako izan. Santoña eta Madrilgo kartzeletan preso sartu zuten, baldintza ezin kaskarragoetan. Heriotza-zigorrera kondenatuta. Osasunez ahul itzuli zen. 1943ra arte itxaron behar izan zuten biek, ezkondu, Kukuena zabaldu, eta bizitza berri bat hasteko.