Jakina, Oharra zen euskarazko hitz bakarra, ondorengo azalpen guztiak gazteleraz baitziren. Boligrafoa atera eta 2011n oharrak euskaraz ere bai, mesedez idatzi nuen. Nire letra ezagutu zuen batek kritika egin zidan. Anonimotasunean baino gehiago, hurrengo bileran egin behar nuela eskaera formala.
Kontua da nire idatzia, antza, probokazioa izan zela. In English too, hau da, ingelesez ere bai idatzi zuen nire eskaeraren alboan norbaitek, eta hortik aurrera gaiztotzen joan ei zen kontua.
Joan den astean aretxabaletar batek egin zuen lehenengo aldiz euskaraz Senatuan, Lorea Leanizbarrutiak. El Mundo egunkari digitalari ez zitzaion gustatu itzulpenak egin behar izatearen kontua. "EAJk eta CIUk diote gastua ez dela gehiegizkoa" titularpean albistea idatzi, eta ondoren, anonimotasunean hainbatek iritzia idatzi zuten. "Itzulpenen gastua ez bada handia euren poltsikotik ordain dezatela", edo "autonomia erkidegoari deskontatu behar zaio gastu hori", halako iritziak barra-barra idatzi ziren.
Portaleko oharra euskaraz jartzeagatik nik ordaindu beharko ote dut?