Iturbide egoitzari esker mila

Bizitzaren azken txanpan dagoen pertsona nagusi bat bere betiko habiatik atera eta bizileku berri batera eramateak zalantza eragiten du, bertigo pixka bat, eta sentimendu kontraesankorrak mugitzen ditu.

Gure familian zaila egin zitzaigun 85 urteko osaba maitea herriko nagusien egoitzan sartzeko erabakia hartzea, eta, zer esanik ez, proposamena osabari planteatzea.

"Bertan ondo zainduta egongo zara, etxean baino hobeto"; "Zure lagun batzuk han daude eta gustura dabiltza; lagun artean egongo zara, entretenituta"; "Igogailua dagoenez, gurpildun aulkian kalera irteteko aukera izango duzu, paseatzera edo tabernara"; "Bisitak egin daitezke nahi ahala; beraz, jarraituko dugu egunero zurekin egoten eta zaintzen"...

Halako argudioekin adoretu ginen eta pausoa eman genuen. Hilabete gutxi batzuk eman ditu bertan osabak eta benetan esperientzia aberasgarria izan da harentzat eta baita gure familiarentzat ere.

Egoitzako langileek, daukaten lan karga handia izanik ere, tratu goxoa eta hurbilekoa eman digute, eta osaba bera eta familia osoa maitasunez artatuak sentitu gara.

Ederra izan da, osaba hiltzear zegoela, begiak itxi aurreko unea goxatzeko eta ahalik eta erosoen egoteko langileek agertutako adeitasuna eta eskaini diguten babesa.

Ez da etxean hil, baina etxean bezala hil dela sentitu dugu, goxo eta lasai.

Beraz, eskerrik beroena, bihotz-bihotzez, hau guztia posible egin duen Iturbide egoitzako lantalde osoari!

----------

Marga eta Belen Aranburuzabala Amozarrain

Juan Carlos Aranburuzabalaren familiaren izenean

Arrasate

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak