Erraustegiari eta Tapia Legeari ez!

Erabiltzailearen aurpegia Maren Belastegi Guridi 2022ko eka. 25a, 00:00

Bada urtebete pasatxo herrian egin nahi duten errauskailuaren mamutzarrarekin gainean.

Herritar eta kolektibo ezberdin mordoa proiektuaren aurka agertu diren arren, Eusko Jaurlaritza eta Valogreene enpresa errauskailua egitearekin tematu dira eta euren plana aurrera eramateko edozer egiteko gai direla erakusten dabiltza.

Agiri, lege eta paperetan erabilitako trikimailuak, errauskailuak izango duen jardueraren zuritzea, egia erdiak, hiru laurdeneko gezurrak, auzia epaitegietara eramateko mehatxuak… eta, hori gutxi balitz, herri osoa proiektuaren aurka agertuko dela ikusi dutenean, Tapia Legea delakoa atera du EAJ-PNVk Larramendiko errauskailua eta antzerako proiektu ezberdin batzuk aurrera eramateko.

Zertan datza Tapia Legea? Hitz gutxitan azalduta: eurentzat interes handiko proiektuak daudenean, herriei, udalei eta mankomunitateei euren eskumena eta erabakitzeko eskubidea kendu eta EAJ-PNVk erabakitzea herritar guztien ordez.

EAJ-PNVk eta Arantxa Tapiak San Juango baserritarren, San Martingo eskolako umeen eta Uberako ingurugiroaren eta ekosistemaren alde edo euren gertuko enpresen etekin ekonomikoen alde egingo dute?

Guk argi daukagu herritarren aurretik eliteen etekin ekonomikoak jarriko dituztela. Guk argi daukagu herritarron osasuna, ingurugiroa, erabakitzeko eskubidea, enpresa txikiagoen jardun eta etorkizuna, zaborren kudeaketa jasangarria eta Bergarako Udalaren eskumenak askoz ere garrantzitsuagoak direla!

Domekan berriz ere herritarrek garbi adierazi genuen proiektuarekiko gure aurkakotasuna. Eskerrik asko bertaratutako guztioi eta baita antolakuntzan jardun duen Larramendi Arnasa taldeari. Zorionak, Bergara!

Horregatik guztiagatik, Larramendin egin nahi duten errauskailuaren aurka azaltzen gara eta herritarrak animatzen ditugu balkoietan errauskailuaren aurkako banderatxoak jartzera, desadostasuna adierazteko.

----------

Maren Belastegi Guridi

Bergarako Sortu

Bergara

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak