Uztailaren 1ean, Nafarroa etorbideko bizilagunak Udaleko ordezkariekin bildu ginen gure desadostasuna adierazteko. Etorbide horretan garraioaren gehikuntza behatu ondoren, ibilgailuen zirkulazioa areagotu egin zela ohartu ginen. Bilera hartan, gure ardura adierazi genuen trafikoa gehitzeak ekartzen duen arriskuagatik, parke bat eta pilotatoki bat dagoen kale batean. Horretaz gain, kontuan izan behar dugu ospitalera eta anbulatoriora mugitzen den jendea.
Gainera, kontuan hartzekoa da etorkizun hurbilean musika eskola eta hainbat kultura tailer egingo diren beste eraikin bat zabalduko dituztela etorbidean. Irekiera horiekin batera, oinezkoen trafikoa areagotu egingo da bertan. Oso arriskutsuak iruditzen zaizkigu Udalak egin nahi dituen aldaketa urbanistikoak.
Aldaketa hauek Nafarroa etorbidean garraio karga handitzea dakarte, eta arriskua, zarata eta kutsadura nabarmen areagotuko dira. Egunean 450-500 bat autobus pasatzen dira etorbidetik, baita auto ugari ere. Eta hori gutxi balitz, Udalak Hotel Mondragon atzealdean autobus geltoki bat egitea erabaki du, hiritarroi inongo informaziorik eskaini gabe; honek errepideko garraioa astunagoa izatea ekarriko du.
Bilera hartan, Udalak, gure ardura kontuan harturik, adierazi zigun urrian beste bilera batera joateko deituak izango ginela. Azaro bukaeran gaude, eta oraindik ez dugu haien berririk izan. Gainera, jakinean gaude Udala gurea ez den beste auzo batzuetako ordezkariekin biltzen ari dela, erdialdean nahi diren aldaketen proposamenak adierazteko – eztabaidatzeko–. Beste edozein arrasatearrek bezala, eskubide berberak ditugu.
Bidegabekeria hutsa iruditzen zaigu ezarri diguten trafiko gehikuntza. Eta zentzugabekeria iruditzen zaigu Udalak gure kezka kontuan ez hartzea.
Bestalde, bileran, trafikoa arintzeko proposamenak aurkeztu genituen; besteak beste, trafikoaren noranzkoa banatzea, noranzko bat Nafarroa etorbidetik bideratzea eta kontrakoa Zerrajera kaletik.
Besterik gabe, hiritar bezala gure ardura kontuan hartzea eskatzen dugu.
----------
Marcelino Amozarrain
Nafarroa etorbideko bizilagun talde baten izenean
Arrasate