Nik ere berdin pentsatzen dut.
Bizitza osoan gustatu izan zait Eguberri goizean Bergarako kalean sortzen den herri giroa.
Oroitzen naiz, txikitan, ibilbide luzea eginez Labegaraietatik San Lorentzoraino, eta Masterrekatik pasatuz, hura gure auzoa zela eta, nire lagunekin etxez etxe kantatzera irteten nintzenekoaz. Buzoietan begiratuz ea biztanleak erdaldunak edo euskaldunak ziren gure kantuekin denok alaitzeko. 60ko hamarkada zen.
Gero, nire alabak, txikiak zirela, prestatzea tokatu zitzaidan. Nik nire garaian bezala egin zezaten; hori bai, haiek Ikastolako ume talde handi baten irteten ziren.
Orain, Eguberri goiz magiko horretan nire bilobarekin gozatzea tokatzen zait.
Urte batzuetatik hona, arrazoi askorengatik, goiz hori era berezi eta, batez ere, izugarri hunkigarrian bizitzea tokatu zait.
Horregatik, ikusi nituenean Bergarako kaleak umez eta gurasoz literalki josita, Olentzerori eta Mari Domingiri jarraituz, asko kostatu zitzaidan lasaitasunari eustea.
Superpolitikari batek baino gehiagok, oso liderra izan arren, antzeko manifestazioa nahi izango luke atzetik.
Horregatik, Bergarako herria animatu nahi dut gure Eguberri goizaren ohitura hain polit horrekin eta gure kale eta plazak poztasunez betetzen jarrai dezan.
Haurren espiritu horrekin jarraitu behar dugu, eta atera guztiok barruan dugun eta arrazez eta klase sozialez ez dakien haurra. Eta, batez ere, zorionez, ez du ezagutzen, ezta ere ez dezala inoiz ezagutu behar mugarik, eragozpenik, hesiak, eta banantzeko gizakiak sortutako edozein oztoporik.
Eskerrik asko, Bergara!
----------
Maritxu Barrena Aranburu
Bergara