"Horrelakoa da ziklismoa, onerako eta txarrerako"

Erabiltzailearen aurpegia Mikel Aranzabal 2012ko eka. 30a, 02:00

Aurrekoan, Realaren gorabeherak izan nituen hizpide...

... eta gustua hartu diot gutunen erakusleiho honi.

Eurokopa, arrisku saria eta horrelakoak alde batera utzi, eta zentra gaitezen bihar Liejan (Belgika) hasiko den Frantziako Tourrean. 

Bai, bihar, zapatua, ekainak 30, hasiko da Frantziako Tourra. 

Hiru asteko itzuli handiena, mitikoena, ikusgarriena. 

Izan ere, adjektibo ugari jar diezazkiokegu proba gogor horri.

Azkeneko urteetan, Armstrong estatubatuarraren eta Contador espainiarraren nagusitasun argiak zirela-eta, beti zegoen argi zein zen faborito bakarra. Ez zegoen besterik.

Horrelakoa da ziklismoa, onerako eta txarrerako. 

Aurten, berriz, ez dago faborito argirik. Ala bai?

Hasiera baten, hautagai nagusia Cadel Evans australiarra da, iaz irabazi zuelako eta pedal kolpe ona erakutsi berri duelako Criterium du Dauphine proban. 

Edozelan ere, izen bat dago guztien gainetik, izen bat apustu guztietan: Bradley Wiggins britainiarra.

Denboraldi ederra darama Sky taldeko liderrak, eta Tourreko irteera puntura inoiz baino hobeto iritsiko da. 

Ez hura bakarrik, baita Sky taldeko ziklista guztiak ere. 

Bai, bai, guzti-guztiak. 

Rogers, Porte, Boasson Hagen, Froome, Cavendish... 

Beldurra emateko moduko taldea osatuko dute, Tourra bera irabazteko, esprintak irabazteko, erlojupekoak irabazteko... 

Zera, pentsa... talde horretako masajistak bizikleta gainean jarriko balira ere, maila emango lukete... 

Horrelakoa da ziklismoa, onerako eta txarrerako.

Izan ere, oso ohikoa da taldeburu bat ondo dabilenean talde osoa ere primeran ibiltzea. 

Armstrong bera Tourrean zenean, talde osoa ibiltzen zen maila gorenean: gora, behera, haize-babesetan... 

Tira, utz dezagun Armstrong alde batera, orain badauka-eta zerekin kezkatu...

Horrenbestez, ematen du Sky talde britainiarrak pozima berezia deskubritu duela Frantziako Tourra goitik behera menderatzeko, eta Wigginsi ederto egokitzen zaio aurtengo Tourra. 

A, barkatu, Joko Olinpiarrak Londresen dira aurten... 

Ba, kasualitate hutsa.

Horrelakoa da ziklismoa, onerako eta txarrerako.

Edozelan ere, beti egon daitezke ezustekoak, beti egon daitezke erorikoak –Wigginsena berarena iazko edizioan–, beti egon daitezke sekula ezer egin ez eta derrepentean maila handia ematen dutenak... 

Horrelakoa da ziklismoa, onerako eta txarrerako.

Eta euskaldunez zer esan... Pirinioetako etapak astean zehar jarri dituzte, baina, hala ere, ez ditugu ikusiko euskal ziklistak aurreneko postuetan goi mailako etapetan, maillot beltzak bakarrik ikusiko ditugu-eta aurrean.

Izan ere, horrelakoa da ziklismoa, onerako eta txarrerako.

--------------------

Mikel Aranzabal

Eibar

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak