Badakit, ordea, txakurra dutenek halaxe diotelako, txakurrak asko ematen diola norbanakoari. Gizakiaren lagunik onena dela esaten da, inoiz baztertuko ez zaituen animalia dela. Horrelaxe izango da, ez dut zalantzarik egiten.
Gustua ematen du, gainera, mendian, kalean, pasieran… bere jabearen ondoan doan txakurra ikusteak. Ondo irakatsitako txakur bat, bere jabearen esanak betetzen dituen txakur bat eta norbait aldamenik pasatzen denean, bere jabearekin jarraitzen duen txakurra, beste inori kasurik egin gabe, zaunkarik egin gabe, inorengana hurbildu gabe jarraitzen duen txakurra.
Gertatu izan zait, eta ez behin eta ez birritan ere; kalera, etxera, noan lekura noala, distantzia batera txakur batek ikusi eta norberarena zaunkaka hurbiltzea. Jabea orduan, "lasai, ez du ezer egiten", egiten duen arte.
Edota txakurra hurbildu, zaunkaka hasi… jabeari lotuta eraman behar direla esan eta honek kasurik ez egitea.
Idatzi honekin esan nahi dudan bakarra da norbait ikustearekin batera jabearen aldamenean egoten ez dakiten txakurrak edo egiten dabilena egiten jarraitzeko ahalmenik ez duten txakurrak lotuta eraman behar direla. A! Eta txakurrak kalean kaka egiten badu, jaso, mesedez.