Sagutxo kaxkarinaren lagun taldeak berehala egin zion aurre katutxo gaiztoari, sagutxoaren nahia onartu behar zuela garbi utziz. Ez da ezetz leloa 5 urteko 40 umeren ahotan egon zen une batez.
Momentu hartan, bihotzeko taupada handi bat sentitu nuen gorputz osoan. Gaur egun gure gizartean egunero eta edozein lekutan gertatzen ari diren erasoen aurkako umeen ahotsak ozen entzun ziren. Erasoak era askotakoak izan daitezke: bikoteen artekoak, lagunen artekoak, ezezagunen artekoak, fisikoak, emozionalak...
Gure umetxoak, zenbakiak eta letrak alde batera utziz, sagutxo kaxkarinaren azalean jarri ziren, berari laguntzea erabaki zuten eta garbi utzi zuten, guraso guztien aurrean, bakoitzaren nahia onartu egin behar dela. Urrezko hiru balio: enpatia, laguntasuna eta errespetua.
Ume horien guztien barrenean izugarrizko oinatza utzi zuen aste haietan landutako antzerkiak. Orain, beraien bizitzan eragina izango dugun heldu guztion ardura da mezu horiek betirako garbi izatea.
Lehen urratsa, behintzat, emanda dago, eta, horregatik, San Martin Agirre eskolako irakasleak zoriondu nahiko nituzke. Lan bikaina benetan.
----------
Mireia Arakistain Aranda
Bergara