Eta hemen jarraitzen dut, iritzia eman aurretik minduen Gipuzkoako Aldizkari Ofiziala kontsultatzeko ohitura hartu gabe.
Beti galdera bera datorkit burura. Zertaz hitz egin daiteke gaur? Immigrazioaz? Feminismoaz? Identitateaz? Euskaraz? Gazaz? Ukrainaz? Klima-aldaketaz?
Edo dena hitz egiten duenaren eta lehenengo haserretuko denaren araberakoa da?
Ez da inkisidorerik behar. Geure buruaren zentsore bihurtu gara. Ahoa ireki aurretik, hitzak zuzentasun politikoaren metal-detektagailutik pasatzen ditugu. Ez ote duen ideiaren batek bip egingo…
Denok omen gara adierazpen askatasunaren aldekoak. Betiere, geure iritziak direnean. Zentsurak ez ditu jada liburuak erretzen; askoz eraginkorragoa da: idazleek idazteari uztea lortzen du. Eta gizarte bat zer esan daitekeen galdetzen hasten denean, agian ordurako ez da benetan askea.