60ko hamarkadan, John B. Calhoun etologoak bere esperimentu ospetsua egin zuen: Utopia 25. Saguak janari infinituarekin, tenperatura perfektuarekin, babesleku erosoekin eta katu gabe. Saguentzako bost izarreko resort bat. Emaitza? Apokalipsia.
Denborarekin kolonia modu absurdoan jokatzen hasi zen: indarkeria doakoa, apatia, kumeen abandonua… Dena zuten; elkarrekin bizitzeko arrazoia izan ezik. Batzuetan, badirudi esperimentuak martxan jarraitzen duela, baina orain saguek autokarabana, eski-denboraldia eta azken belaunaldiko bizikletak daramatzatela. Segurtasuna, erosotasuna, egunean bost otordu orekatu, hamalau paga eta oporrak munduko beste puntan… Eta, hala ere, bizi gara antsietatean, depresioan eta psikofarmakoen kontsumoan marka guztiak hausten dituen gizarte batean.
Utopiak ez dira goseagatik lehertzen. Huts(ean) lehertzen dira. Eta bai, badakit denok ez gaudela egoera berean gizarte honetan. Baina zu eta ni, irakurle maitea… zu eta ni, segur aski, bai.