Zutabe honen hutsunearen aurrean lehenbiziz jarrita, gure bizitzan batzuetan sentitzen dugun hutsuneaz oroitzen naiz. Pertsonok behar espiritualak ere baditugu eta geure buruarekin erlazionaturik dauden galderak egiten ditugu. Nor naiz? Zein da nire bizitzaren xedea? Non dago nire zoriontasuna? Ba al dago zerbait heriotzaren ondoren?
Espiritualitateak baditu hiru dimentsio: materialtasuna gainditzeko gaitasuna, helburuak eta balioak eta gizakiaren existentziaren esanahia. Zorionez, Gadnerren adimen teoriak gero eta zabalduago daude gure ingurunean, baina ezin dugu ahaztu Gadnerrek berak beste bat gehitu zuela, adimen existentziala. Gai zail eta korapilatsua, baina oso beharrezkoa.
Durkheimek –soziologiaren aitetako bat– transzendenteari irekitzeko lau leku pribilegiatu erakutsi zizkigun: natura, artea, topaketa eta erlijio kultua. Badaukagu, ba, bide ezberdinak transzendentzia aurkitzeko. Nik hemen jarraitzen dut, galderak eginaz, oraindik aurkitu gabe bilatzen ari naizena.