'Do it yourself!'

Erabiltzailearen aurpegia Martin Antxia Abasolo 2026ko ekainaren 17a

Norberak egin! Punk eta underground mugimenduek ezagutarazi zuten aldarria da, gerraosteko belaunaldi hark jadanik ongi ezagutzen zuen arren.

Baliabide gutxi zegoen lekuan, norberak egin behar zuen dena! Txerria hazi, baratzea jarri, etxeko teilatua konpondu, oinez egunero 20 kilometro egin... zer ez!

Eta hamarkadak pasa ahala, gure bailarara dirua sartu zen. Ur beroa, kotxea, eta bizitza errazten diguten asmakizunen zerrenda amaigabea. Lan egin, dirua irabazi, bizitza erraztu.

Baina, dena erosi eta azpikontratu ostean, zer dator hurrengo? Ametsetako bizitza ala ezereza? Bueltako bidea hasi dugun susmoa dut. Orain, dirua erabiltzen dugu kozinatzeko ikastaroan, brikolajean edo norberaren jantzi propioa egiten.

Do it yourself! jadanik ez da diru faltaren aldarria –bakarrik–. Berritasunak, agian, egin nahi dena hautatzea, helburu handiagoak azkarrago lortzeko nahia eta pazientzia falta izan ahal dira. Norberak egin, baina laguntzaren botoia sakatzeko aukerarekin.

Gerraostean eta orain, ordaindu ala ez, ez dut zalantzarik egiten dugunak eraikitzen duela gure nortasuna eta horrek ematen digula gure tokia mundu honetan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak