Smartphonea etxean utzi nuen –etxean bakarrik pizten nuen whatsapp-ak erantzuteko–, SIM txartela telefono klasiko batera pasa eta 9 hilabete eman ditut horrela.
Ez da zubi batetik salto egin behar lehen astean sentitu nuen antsietatea pairatzeko; hutsik dauden poltsikoetan bibrazioak imajinatzeko edo gorputza eskuekin kolpatuz telefonoa automatikoki bilatzeko. Baina gerora, ez da munduaren beste puntara oporretara joan behar, batere espero ez nituen sorpresa ezberdinez gozatzeko.
Badakit ideia zoro hau aplikatzea ezinezkoa dela zure kasuan, egunero lanerako behar duzula, seme-alabak dituzula, dena telefonotik kudeatuz askoz efizienteagoa zarela, eta, gainera, ez duela zentzurik holako esperimentu bat egitea zure kasuan; ez zaudelako mugikorrari engantxatua, nahi duzunean bakarrik erabiltzen duzulako. Funtsean, ni bezala.