Bibrazioak izango baitira keinuek kontzientziak esnatzeko. Herri bat gara mundu osoari erakusteko.
Eskoriatzarrek, hain zuzen, herriko taupadek txalapartaren zein danborraren laguntzaz, horixe bera adierazteko.
Aurreskua dugu agurra; identitate dantza bikaina. Koruak, aldiz, abizenak airera kontu kontari, ahots lirainak. Airetik zerura, bidea zabaltzen goaz, mendietan oztopoa ez igartzeko. Geure umeek eramango dituzte motxila barnean emandako zein jasotako agurrak; bidea zabaltzeko. Horrela apurtzen baitira jarritako mugak etorkizunerako.
Trikitiaren eta gitarraren fusioaz mundu-bira egingo dugu; ikusteko zenbat parteka dezakegun, ene lagun. Zatoz eta konturatu!
Sentimenduak gitarraren baten ahotan, palmek mozten dute airea, gonak bueltaz buelta, biraka, konpasa aurrera eramanda. Takoiak deika eta deika jendeari esateko: esna zaitez, jada! Esna zaitez, behingoz! Airetik jaso, airera bueltatu, energia osoa.Herriko taupadak bihotzetik muineraino sartzen baitira.Demasa!
Europara heltzen gara korru bat eginda; eskuak, kantak, soinuak, dantzak, bihotz taupadak eta elkarlana. Erruekin zein perfekzioekin esateko Europari: Euskadik badu bere lekua, Euskadi badago munduan, Euskadik badu zer esanik! Ikaragarriak garela, seguru aski!
Salto egingo dugu Karibera; kolorea, berotasuna, gozo-gozoa. Mokorren mugimenduek erakutsiko digute alaitasuna nondik datorren, tristura agertu arren gainditu ahal izateko; gailur guztiak eta ozeano oro.
Bide honetan, meditazioak badu bere unea, tai txiaren eskuz konturarazteko zeintzuk garen munduan.
Eman eta jaso, jaso eta eman, hor dago gakoa. Harmoniaren bidea, orekaren zentzua.
Abanikoaren soinuaz jasoko dugu muina; heldu da esna izateko ordua, bat garelako munduan.
Denok sortzen baitugu ama lurraren barnetik, hauexek bere uluak: Uuummm!
Argia pizten da bide honetan; atzean datozen guztiek jarraitu behar badute, gal ez daitezen tartean.
Gu sortu ginen enbor beretik eta seguru izan, Xabier Lete, sortu beharko lirateke besteak: eskoriatzarrek argia piztuta utziko dugulako hamaika bat bihotzetan.
Herrixa munduan eta mundua geure herriaren barnean.
--------------------
Marisol Andrade
Eskoriatza