"Konta iezadazu..."

Erabiltzailearen aurpegia

Konta iezadazu, amatxo, konta iezadazu ipuintxo bat, idatzita ez dagoen horietako bat.

Hartu hiru hitzak, hiru hitz magikoak, eta horiekin sortuko ditugu hamaika bat historia. Animaliak zein landareak egongo dira, piratak zein ehiztariak; hondamendi mila pila. Helduko dira sorginak, onak zein maltzurrak, baina horrelako ipuinetan ni izango naiz heroia.

Konta iezadazu, amatxo, konta iezadazu ipuintxo bat, ze telebista piztuz gero negar egiteko gogoa baino ez baitaukat. Lapurrak zein etxegabetzeak egongo dira, hilketak zein epaiketak; gizaki eskubiderik eza. Helduko dira gerrak, ekialdean zein mendebaldean. Horrelako munduan ez da bizi bakea.

Hartu hiru hitz, hiru hitz magiko: inklusioa, berdintasuna eta dignitatea. Horrela sortuko baitugu aniztasun mundua, non bakeak zein maitasunak eramango gaituzten eskubideen errespetura.

Konta iezadazu, amatxo, konta iezadazu egunen bat; nire ametsa errealitatea aldatzeko bidean lagungarria izango dena.

Horrelako pasarteak dauzkat nire burutxoan, inspirazioa datorkidanean. Konponbide zaila du egungo egoerak; ez ezinezkoa, baina bai zail samarra! Panorama nola aldatu pentsatu behar dugu, lagunok, esandako hiru hitz magikoak erabiliz. Hirurek elkarrekin elkartasuna sortuko dute, kooperazioaren bidez bakera hurbiltzeko. Barkamenak ezinbestekoak dira elkartasun hori bene-benetako izateko. Bidean egin beharrekoa ez zapuzteko; oreka hortik dator.

Bakea lortu ostean bidea ez da errazagoa izango. Banatu behar dira lanak, duintasunarekin batera. Hortik zuzen joango gara: ametsetarako sarrera, independentziarako, horixe bera.

Ez ahaztu inklusioa! Filosofia delako bera, eramaten duenak aniztasun mundura, horretan oinarriak zeuden eta hortik adarrak sortu ziren; Leteren enborra bezalaxe, sortuko dira besteak?

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.