"Ongi etorri, ene maitea!"

Erabiltzailearen aurpegia Marisol Andrade 2012ko eka. 16a, 02:00

Zeinek esan zuen amatasunaren bidea erraza zenik?

Animo, Mai! Bide honetan, harriak oztopo egiterakoan, esnea bera darionean desegiten dira harri guztiak. Ama hitza. Igartzen duzue zenbat maitasun dagoen hiru hizki hauetan? Pisatuz gero, ziur nago (infinitua+1) kilogramo adieraziko luketela hizkiek eurek, banan-banan.Gauza bera gertatzen da ama oinarekin sortutako hainbat hitzekin; besteak beste, amatasunaz. Nire bizitzatik pasarte ederrenetariko bat kontatu beharko banu, amatasunarenera joko nuke. Inongo zalantza barik!

Bederatzi hilabete gutxi gorabehera itxaron ostean, zeure laztana, zeure kuttuna, zeure umetxoa… zeure maitea aurrean edukitzerakoan, zelan esango diozu esan behar diozun guztia? Gorgoritoak egin baino lehen, aurpegi moñoñoak jarri baino lehen, "umetxo goapoena zein den?" itaundu baino lehen.

Zeinen antza duen igarri baino lehen… Zein izango ote da komunikabide onena esateko maite duzula ilargira ailegatu arte eta buelta? Esateko hor egongo zarela une onenetan eta txarrenetan. Esateko ezetza ez dela txarra. Esateko bizitzako bideak ezagutzear dauzkala. Esateko konponbide asko daukala, elkarrekin egonez gero. Komunikabide paregabea amatasunarena dela behin erabakiz gero, besarkatzen duzu zeure gorputzaren kontra; zeure laztana, zeure kuttuna, zeure umetxoa… zeure maitea. Orduan, bularretik ateratako esne gozo-gozoaz adierazten diozu den-dena. Hori guztia eta, gainera, hau ere bai: "Ongi etorri, ene maitea". Unai , Lorena, amatxoren partetik.

--------------------

Marisol Andrade 

Eskoriatza

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak