San Martinak deitzetik Transmartinak deitzera pasatzea, alegia.
Ez diogu idatzizko eskaera ofizialik igorriko deskantsurako hautatu duen erreinura, bai baitakigu aramaioarron pentsamendu ororen berri baduela nahitaez, zerbaitetarako baita gure babesle. Dena dela, ezinegon handirik ez diola sortuko sumatzen dugu; are gehiago, bizkarretik pisu galanta kentzeko aukera da eskaintzen dioguna: lau egunez santu izateari uztea, San aurrizkitik Trans aurrizkira pasatzea. Zarautzen orain gutxi egin dute (Sanpelayuak Transpelayotu dituzte) eta parrokiari ez zaio dorrerik jausi.
Ez da Martin zaharrari mesede egiteagatik bakarrik. Kontzeptuari justizia egiteko gogoa da. Jaiek gehiago dute trans-edozeretik, santutasunetik baino. Domekako meza nagusira joaten direnekiko errespetuz, aspalditik dakigu festak gehiago zor diola herriari, elizari baino. Eta herriak bizia ematen dio festari. Eta bizia duen edozerk izaten du mugitzeko gogoa, erromara gainetik salto egitekoa.
Asteburu honetan, urtero bezala ikusiko dugu belaunaldien arteko transmisioaren eszenaratzea, aurten Iban Elejalderi egingo zaion omenaldian ederto islatua. Generorik onena txosnetako eta tabernetako hozkailuetan dagoena dela gogoratuko dugu, eta bi hankakoentzat hobea dela transgeneroa. Eguzkiak, sartzeko eta irteteko orduan, transito berdina egiten duela ohartuko gara. Eta egunerokoan aurrera eta aurrera doan transatlantikoari lau egunez ozeano erdian geldi egoteko baimena emango diogu.
Transmartin, adeitasunez, zure gonapetik lau egunez irteteko baimena eskatzen dizugu. Gora, Transmartinak!