Astelehenetik domekara

Erabiltzailearen aurpegia Manex Agirre 2015ko mai. 22a, 00:00

Hiru lagun gutxiagok izango dute datorren igandean dagokien hauteskunde mahaira joan eta bozka emateko aukera –litekeena da beste bideren batetik aukera izatea, ea egia den–.

Eta, ados, seguru asko, joan ezin horrek leku txikia izango du une honetan hiru lagun horien kezka-sortan, ez baitira suabeak une honetan bizi duten egoera, eta hemendik aurrera bizi beharko dituzten egoerak oro, zer, eta lan politiko hutsa egiteagatik. 

Eta, era berean, ados, azkenean ezin badute botorik eman, hiru lagun gutxiagok ez du hauteskundeen emaitzan eragin adierazgarririk izango, milaka joango (omen) baikara boto-papera eskuan domeka honetan. Baina, noski, hiru horiek ez dira soka luze baten azken hari muturra besterik, gehitu behar zaizkie joan den astean eraman zituzten beste lau, gehitu behar zaizkie azken hilabeteetan eramandako beste hamaika, eta hartu arnasa, eta segi kontatzen. Noski, ziegan dagoenak ere badu bozka emateko eskubidea, eta hala jartzen du praktikan, hala nahi duenak –horren ardura duen administrazio-unitateak trabarik jarri gabe, espero dut–. Azken finean, zerrenda horretako kideek domeka honetan botoa emateko edo ez emateko izan dezaketen aukera, pertsona horiek herri honi egin ahal dioten ekarpenen arteko bat bakarrik baita; egia osoa esateko, txiki samarra, herritarrok (oraindik ere) erabakiguneetan parte hartzeko ditugun aukera hutsalak kontuan hartuta. 

Domeka honetan, dagokien hauteskunde mahaian, botoa emateko aukera izango duten beste batzuek ere egin diote ekarpena herri honi, beren estilo partikularrean, ezin bestela: irain matxistak eta mehatxuak, sadismo usaineko indarkeriaren erabilera, umiliatu eta beldurtzeko taktika ondo pentsatuak. On dagiela demokraziaren festa eguneko bozka-oturuntzak, eta egin dezatela digestio parte-hartzailea lasai. Gisa berean guri ere, denok berdindu nahi gaituen hauteskunde egunean, beraiengandik zerk desberdintzen gaituen gogoratu beharrik ez dugunoi.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak