–Zer, marroiren bat daukazu, ala? –Meh, ezer gutxi. –Kontaidazu, benga, badut tarte bat eta. –Artikulu bat enkargatu didate, Goienarako, Zabalik tarterako. Eta ez dakit nondik hasi ere. –Jum. Buruhauste polita. Ze tarte da hori? Zabalik? –Bai… ez dakit oso ondo. Ez dio axola: iritzi-artikulu bat idatzi beharra dut. –Bale. Saiatuko naiz laguntzen. Zera… irak… –E, ez, lasai, ez dago beharrik. Benetan. Okurrituko zait zerbait. –Motel, motel, utzidazu iradokizunen bat egiten, behintzat. Irakurri duzu prentsa? Egunerokotasunari tiraka hasi, adibidez notizia bati, eta artikulu txukuna atera daiteke… –Gaur goizean egin dut erronda sarean, egunkarietako edizio digitaletan. Ez dit ezerk bereziki arreta deitu. –Ados. Azkenaldian zehar gertatu zaizun zerbait? Helduleku gisa balio ahal dizun anekdotaren bat? –…ez… ezer interesgarririk ez… –Ez duzu gairen bati buruzko eztabaidarik izan norbaitekin? Ez zara zerbaitekin sutu, azken egunotan? –Mmm… ez. –Agian, baduzu betiko kezkaren bat, aspalditik barrua mugitzen dizun zerbait… Zure bizitzan konstantea den gai bat, erraietaraino iristen zaizuna…
–Azkeneko artikuluan egin nuen horrelako gauza bat, eta, egia esan, burutik pasa zait honetan ere egitea… Baina aldatu egin nahi nuke. –Jo, ba ez dakit zer esan. Benetan. Proposamenak agortu zaizkit.
–Badut buruan ideia bat, baina ez dakit ausartegia ez den. –Bai? Bota! Benetan, interesatzen zait entzutea. –Artikulua bera idazteko zailtasunei buruz idaztea, meta-iritzi gisako zerbait. Idazteko ezinari buruz idaztea. Ez idazteari buruz idaztea. –Benetan ari zara? –Bai. –Ba, egia esan, nahiko ideia kutrea iruditzen zait. –… bale. Ikusi arte. –Agur.