Bizilagunen garrantziaz ohartzen al gara? Bergaran bizi naizenetik hainbat etxetan bizi izan naiz: Boluan, Simon Arrietan, Artzamendin, Matxiategin... Bizilagunekin gertutasuna bilatzen saiatu naiz beti, Senegalen bizilagunak familia sentitzen baititugu. Seme-alabek maiz galdetu izan didate ea zenbat aitona-amon dituzten; errespetuagatik bizilagun nagusiei horrela deitzen baitiet. Pixkanaka beraiek ere amama Kontxita, amama Begoña edo aitita Julen ahoan. Senegalen bizitzako momentu garrantzitsuenak partekatzen ditugu bizilagunekin: jaiotzak, ezkontzak, heriotzak... Bizilagunak dira gure berri duten lehenak. Beharren bat dugunean ere beraien partetik jasotzen dugu laguntza. Faltan igartzen dut komunitate sentsazio hori, elkar agurtu baino harago doan harremana.
Bila ditzagun bizilagunekin egon eta konpartitzeko momentuak. Partekatu ditzagun ardurak eta pozak. Sentitu ditzagun bizilagunak familia, gure seme-alabek ere hala sentitu ditzaten.