Egunean ordubete. Ohitura osasuntsuak izan ditzaten. Eta pentsatzen jarri naiz futbola ez den zein kiroletan zaletu ditzakedan seme-alabak. Eskola kirola da futbolaz gain beste kirol batzuk probatzeko ekimen bikaina: saskibaloia, atletismoa, herri kirolak…
Eta nireak ere ibili dira eskola kirolean, hainbat urtetan ibili ere. Baina zaletu ez. Eta futbolean lekurik ez dutenean, zer egin? 13, 14, 15 urte… ez dira adin samurrak, eta kirola lagun izatea beti onuragarria. Hortaz, eskola kirolak osagai guztiak ditu gaztetxoak kirolera zaletzeko; ea osagai guztiok ondo nahasten asmatzen duen.