Sexologiatik continuum ezberdinak erabiltzen dira. Gorputz sexuatuaren kasuan, adibidez, alde batean emea kokatzen da eta bestean arra; eta zer dago erdian? Intersexualitatea.
Pertsona intersexualek, medikuntza sisteman indarkeria ugari pairatzeaz gain, inbisibilizazioa, estigmatizazioa eta diskriminazioa pairatzen dituzte, haien gorputzak sarri ez direlako jendartearen estandarretara egokitzen.
Urriaren 26an, Intersexualitatearen Kontzientziazio Eguna da, eta badakit egun batean aldarrikapenak egiteak ez duela pertsona intersexualen egoera hobetuko, baina uste dut garrantzitsua dela jasan ahal dituzten problematika eta diskriminazio ezberdinak azaleratzea. Horretarako ezinbestekoa da errealitate horretatik urrun bizi garen pertsonok interesa eta gogoa izatea gure pribilegioak alde batera utziz kolektibo honen inguruan ikasteko.