Bikote gazte batek beste bat gonbidatu du etxera. Moderno samarrak direnez, sukaldeko mahai perfektuki karratuan hule beltza jarri dute. Ez da matea, baina distiratsuegia ere ez. Bestearen zahia antzemateko modelo aproposena. Zuria seinalatzen duen beltz zehatz hori. Kaktus bat dago erdian, ez dute ureztatzearen ardura hartu nahi. Tentsioaren gorenean, gonbidatuak ezin du presioa jasan. Ezkerreko eskuaz bultzatzen du zahia eskumakora, ogi papurren antzera. Etxetik irten da eta kaletik doa eskua estututa.
Ez du atari ondoko paperontzira bota. Agian, zahiak eragiten dion lotsak hondakin goren bezala ulertzera eraman du. Organikoaren edukiontzi handi baten bila dabil eta ez da konturatu Bilbon ez dagoela halakorik. Agian onena kaktusari botatzea zela otutzen zaio, Gabonetan eskertuko luketela.