Josu Uribetxeberriaren omenez

Erabiltzailearen aurpegia Mikel Albisu Iriarte 2015ko urt. 23a, 09:39

Kartzela bereizietan gintuzten Eperrak Donostiako ospitalean gose-grebari ekin zionean.

Kolektiboa sakon   markatu duen gertaera izan zen hura.

Reauko kartzelan elkartu eta Josuri buruz aritu izan garenean, irribarre goxo batekin eta harrotasunez aipatu izan dugu borrokaldi hura. 

Kolektiboak, aurrekontsignarik gabe, batera erantzun zion Eperra babesteko ekimenari. 

Berdin du zenbat gose-greba egun edo bestelako zein ekimen egin zuen bakoitzak. Aspaldian sakabanatuta ez ezik nora ezean ere zebilen Kolektiboa iratzartzeko gaitasuna izan zuen Josuk.

Azken urteotan, telefonozko solasaldiak izan ditugu berarekin Reauko kartzelan gauzkaten presook –orain bost, lehen sei–. 

Telefonoa eseki eta behin baino gehiagotan, eta batez ere azkenaldian, bihotzean genuena esateko ezinean ibili garela aitortu diogu elkarri. 

Zer esango geniokeen aurrez aurre bagenu, hor bageunde zuekin batera? Hitzerditan ulertarazitakoa, harro geundela berarekin, bere indarra gugana helaraztea nola eskertu ez genekiela, ohore bat dela guretzat erakunde berean borrokan aritu izana.

Berezkoa omen dugu dena alderatzeko joera baztergaitza. Neurria eta hierarkia jartzen diegu gauzei bezala pertsonei eta sentimenduei. Ez dakigu norbera den bezala hartzen eta onartzen. 

Josuk zuen guztia eman du Euskal Herriaren alde Euskadi Ta Askatasuna erakundean boluntario borrokatzeko hautua eginez. 

Batzuek, agian, egitate hori atzendu, mozorrotu edo ukatu ere nahiko dute. Gure herria oraindik ez baita aske. Baina hori egitea Josu bigarrenez hiltzea litzateke.

"Soldadutxo bat naz", esaten zuen Eperrak. Euskal Herriaren askatasunaren aldeko borrokan denok gara Josu lez soldadutxo, eta bera bezalako asko behar dira oraindik ere.

Agur eta ohore!

----------

Mikel Albisu Iriarte, Mikel Karrera Sarobe, Maixol Iparragirre Guenetxea, Alberto Lopez de Lacalle eta Mertxe Txibite Berango

(Reauko kartzelatik)

Reau (Frantzia)

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak