Zero 'pillia'

Erabiltzailearen aurpegia Maite Toledo Saralegi 2026ko uztailaren 21a

Selektibitateko Euskara eta Literaturako probak hautsak harrotu ditu, zero pillia izan baita. 

Alegazioen ostean, zeroak ia zero. Epaitegira jo dute batzuek, eta epaileak behin-behinean ebatzi du haiei ez zaiela euskara kontuan hartuko. Unibertsitatea, haserre. Normala….

Ez da inoiz zerorik izan, ala? Zeroen atzean A ereduko ikasleak ei daude, batik bat. Gaztelaniaz ikasten dute, eta euren neurriko azterketa jarri diete orain arte; aurten, ordea, azterketa bera egin dute ikasle guztiek, eta aho bete hortz geratu ziren haietako batzuk, aztertzaileari gaztelaniaz azaltzeko eskatzeraino, ez zuten-eta piperrik ulertzen.

Denok dakigu gaztelaniaz. Hala ere, batzuek ez dute gainditu izan Lenguaje. Zergatik harritu euskararekin hala gertatzen denean? Gehiago harritzen naute ni zenbaitek hainbat ikastetxetan ateratako notek…

Lazkao Txikik zioen handik urte batzuetara erdaraz ariko ginela euskaraz ari ginelakoan, eta ez dakit profezia ez ote den betetzen ari. Bitartean, hor ibiliko dira epaileak eta administrazio publikoetako establishment-ak kaka pillia azaldu nahian... Horiei ere, nik zero.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak