Alabaina, pazientzia galanta behar izaten da sarrerak Internetez erosteko. Eta, maiz, txanda iristerako, ikusi nahi ditugun filmetako sarrerak agortu egiten dira. Aurten, Sail Ofizialean lehiatu diren Six Days in Spring eta Coiture filmak ikusi ditugu. Lehenak Gidoi Onenaren Saria jaso zuen; bigarrenak, berriz, saririk ez, baina Angelina Jolie, Hollywoodeko izarra, aurrez aurre ikusteko aukera eman zigun.
Asier Altuna eta Aitor Arregi zuzendarien Karmele eta Maspalomas filmak ikusi gabe geratu baginen ere, bada erremedioa dagoeneko; izan ere, asteon ikusi ahalko ditugu inguruko zinema-aretoetan. Koldo Almandozen Zeru ahoak filma, berriz, etxeko pantailan ikus daiteke, Primeran plataforman. Hondar ahoak telesaila ederra atera zitzaion, baina Zeru ahoak-ekin gainditu egin du: pertsonaiak eta elkarrizketak naturalak dira, Bilbo inguruko irudiak ikusgarriak eta musika-soinua aproposa. Badakizue, goi mailako euskal zinema dugu ikusgai bertatik bertara. Bejondeizuela!