Alabaina, ordutik makinatxo bat itzulinguru eman dituzte plagioek eta plagiatzaileek, batik bat teknologien bilakaerarekin, eta, azkenaldian, adimen artifizialaren agerpenarekin. Irudimena eta sormena bor-bor dabiltza, han eta hemen. Larunbat goiza da, eta irakaslea azken notarako balioko duten lanak zuzentzen dabil. Zenbait ikaslek adimen artifiziala baliatu duten ziurtasuna dauka. Zirt edo zart erabaki behar du. Batetik, inoren hitzak norberarenak balira bezala erabiltzea kopiatzea da, legalki arau-haustea. Bestetik, norenak dira adimen artifizialaren hitzak, irudiak, soinuak?
Eta akademikoki, nola frogatu ikaslea tranpatan dabilela? Euskara ikasleak idazlana, kazetariak erreportajea, musika-produktoreak bideoklipa edota artistak irudia; nola igarri eta adierazi adimen artifizialari kopiatu diotela? Ba omen daude antzemateko baliabideak. Horra hor Ondo plagiatzeko metodoa ipuina berridazteko aitzakia.