Hiru hamarkada dira Amsterdamen izan nintzela azkenekoz. Florinak izan ezik, sinboloek han diraute: kanalak, bizikletak, parkeak, Van Gogh, coffee shop-ak, Auzo Gorria. Bistan da, baina, bizikletak ugaritu egin direla.
Hirietako bide nagusiak autoentzat izan ohi dira; Amsterdamen, ordea, bizikletentzat. Horregatik dute euren erreia. Oinezkooi bizikletadunak zaintzea dagokigu, batez ere, semaforoetan eta. Autoei erreparatu, eta bizikletak agertu. Zenbat ezusteko! Gazte eta nagusi, takoi edo pajaritarekin, hara eta hona, etengabeko joan-etorrian. Arragoa, izendatzaile komun batekin: bizikleta.
Ni bizi naizen herria Amsterdam bezalakoa balitz, herritarren mesederako litzateke: bizikletek osatuko lukete herriko paisaia; etxaurre, ikastetxe eta zerbitzu-guneetakoa ere bai; trafiko txikiagoa legoke; kirola egingo genuke nahi gabe, aire garbiagoa arnastuko genuke. Finean, lasaiago biziko ginateke.