Mugimendu Feministak zaintza sistema mahai gainean jarri du Martxoaren 8ko aldarrikapen nagusi gisa. Izan ere, emakumeak gara oraindik zaintzen ardura gure gain hartzen dugunok.
Zaintza sisteman aldaketa gutxi izan dira azken urteetan, eta egindako gehienak okerrerako izan dira; tartean, zaintzan lan egiten duten emakume migranteen egoera.
Bestalde, bere garaian zaintzara dedikatu ziren emakume jubilatuen egoera ez da batere ona. Zaintzak ez dira errekonozitu, eta emakume haien pentsioa miseriazkoa da.
Euskal Herrian 200.000 baino gehiago dira 1.000 eurotik beherako pentsioak dituzten emakumeak, eta horietako asko ez dira 700 eurora iristen. Miseriazko pentsio horiekin nola zaindu daiteke emakume bat duintasunez bizitzeko?
Ezinbestekoa da zaintza-lana lan gisa antolatzea eta dagozkion eskubide guztiak bermatzea. Hori gabe ezingo delako bermatu duintasunez zainduak izateko eskubidea.
Hori guztia aldarrikatzeko eta pentsioetan dagoen genero-arrakala eta zahartzaroan dagoen genero-indarkeria salatzeko, plazetara irten gara.
Guztion indarra beharrezkoa da zaintza sistema heteropatriarkala irauli eta sistema publiko duina martxan jartzeko.
-----------
Maite Guridi Elexpuru
Duintasuna elkartearen izenean
Debagoiena