Burua altxatu gabe zikinkeria ugari ikusten dut nire inguruan, plastikozko poltsak, bazter batean lagatako platano azalak… Nire ingurunea ikusten dut, pareta asko eta asko tintaz josiak daude, hezetasunaren arrastoak beste batzuetan, egunen batean koloretsuak izandako espazioak eguzkiaren indarrak jandakoak beste batzuk.
Nire gaurko paseoan, herritarren arteko elkarrizketa beroak entzuteko aukera ere izan dut: "Herria inoiz baino zikinago dago, arratoiak daude leku askotan, traste zahar pilo bat edukiontzien inguruan pilatuta inork jaso gabe… ", eta horrelakoak. Eta azkenaldian, asko entzuten ditut gai honen inguruko kexak eta komentarioak, baina ez da, nonbait, Udal Gobernu honen ardurako gaia.
Hala ere, arrasatearrek bai hitz egiten dutela gai honen inguruan, eta partekatzen dute zikinkeria dela nagusi gurean; ezer gutxi egiten dela hori horrela ez izateko, Arrasate atseginago eta garbiagoa lortzeko bidean.